Zergatik daude horrenbeste izar zeruan? Zer da diz diz egiten duen hango gauza hori? Zertarako ote da katxarro hau? Nork itzali du zerua eta piztu izarrak? Zertarako? Zergatik?...
Munduan beste asko ez bezala, aldapeko sagarraren adarraren puntaren puntan zegoen etxe txikitxo txuri polit batean, pertsona jakintsu-jakintsua bizi omen zen. Ez omen zegoen ez zekienik. Ez eta erantzun ez zezakeen galderarik ere. Ba omen zekien nor izan zen mundu berria lehenengoz zapaldu zuena. Ba omen zekien noiz itzaliko ziren izarrak. Baita non hasten ziren eta non bukatzen zuten puzkarrek ere. Edo nork hilko zuen eta zergatik. Edo nori tokatuko zitzaion loteria. Ba omen zekien nola betetzen diren ametsak eta zenbat arte kontatu behar den zotina gelditzeko. Jakiten hasita, bazekizkien ez zekizkienak ere!
Ume-umetatik hasi zitzaizkion galderak egiten. Kilkerrak harrapatzea maite zuen batek galdetu zion herriko parkeko belarraren adina. “Belarra jaio aurretik errazagoa izango litzateke kilker-zuloak bilatzea!”, “Belarra Lurraren ilea da, pertsona gehienok urtea betetzerako izaten dugu, Lurrari gehiago kosta zitzaion, belarrak Lurrak dituen urteen laurdena baino ez du. Halere, pertsonak baino askoz lehenago sortu zen, beti izan da zaila kilkerrak harrapatzea!”. Inguruko denak, txiki eta handi, zur eta lur uzten zituen erantzunekin. Ulertuko zioten edo ez, egia esan edo ez, baina zertaz ari zen bazekiela ematen zuen.
Arratsaldeak usoei sustoak emanez pasatzen zituen haurrak “nola harrapatuko dut zerua?” galdetu zion herriko plazan jolasean zebiltzan batean. Nahi zuen bere zalapartarekin ikaratuta hegan alde egiten zuten usoak harrapatzeko trikimailuren bat asmatu. “Zerua harrapatu, harrapatu, ezin daiteke harrapatu, baina bertara joango gara egunen batean, gizakiak ikasiko du usoek bezala hegan!” Pozik utzi zuen haurra.
Ziurtasunez erantzuten zion denari, ziurtasunez konbentzitu, edo behintzat isilarazi, egiten zituen galdera-egileak. Dena zekiela sinisten hasita zegoen bera ere. Gau batean, alabak, oheratzera zihoazenean, honela galdetu zion: “Nola sortzen dira galderak?” Mutu gelditu zen. “Galderak?” Eta muxu bat eman zion alabari. Geroztikako berririk ez dakit nik, egia bada sinets, gezurra bada ez sinets eta jakin nahi duenak, badaki, galde!
Eta hala bazan ala ez bazan, sar nadila PlazanBazan eta atera nadila nire ametsak eta galderak nahasten diren herriko plazan.